4. Estatuko esparru juridikoa
Estatuko arau-esparruari begiratzen badiogu, erakundeek ere familia babesteko egin dituzten ahaleginak ikusiko ditugu. Ahaleginok oso argiak dira Espainiako Konstituziotik aurrera, bereziki horren 39. artikuluari dagokionez, botere publikoek familia funtsezko hiru eremutan (gizartea, ekonomia eta zuzenbidea) babesteko betebeharra daukatela jasotzen baitu. Elementu hori estatuko administrazioek gerora egin dituzten ahalegin guztiak markatu ditu, arau goien horren oharrei jarraitu behar baitiete. Hain zuzen ere, konstituzioak honakoak ezartzen ditu:
Botere publikoen betebeharra: “familiaren gizarte–, ekonomia– eta zuzenbide-babesa segurtatzen dute”.
Gurasoen betebeharra: “ezkontzaren barne ala kanpo izandako seme-alabei era guztietako laguntza eskaini behar diete, adingabeak direnean eta zuzenbidean hori eskatzen den gainerako kasuetan”.
Haurren eskubidea: “euren eskubideen aldeko nazioarteko itunetan aurreikusitako babesa izango dute”.
Era berean, Espainiako Konstituzioak honakoak jasotzen ditu era osagarrian bi artikulutan, familietan eragin handia daukaten arloei dagokienez, hala nola lana eta hezkuntza (botere publikoei hezkuntzarako eta irakaskuntzarako eskubidea bermatzeko mandatu bat ezarriz –27. artikulua–): zuzenbide-berdintasun osoz ezkontzeko eskubidea (32. artikulua) eta lanagatik norberaren eta norbere familiaren premiak asetzeko nahikoa den ordainsari baterako sarbidea (35. artikulua).
Gainera, legeria zibilak –hori ere kontsulta daiteke bibliografian era zabalagoan– familiei laguntzeko politika publikoen antolaketari eragiten dion arau-esparru bat ezarri du orobat, ezkontza-harremanei (ezkontza, dibortzioa) edo familiaren barruko antolaketari (gurasoen eta seme-alaben arteko harremana, guraso-ahala eta biloben eta aitona-amonen arteko harremanak) lotutako elementuak arautu baititu.
Horrek guztia geroko politika publikoen garapenaren oinarria ezarri du, estatuak familiekiko dauzkan betebeharrak ez ezik antolatzeko moduak eta erregistratutako barne-harremanetako motak ere arautu baitira; izan ere, azken horiek onartuta dauden familia-ereduen eta horiekin hartu beharreko konpromisoen oinarriak dira
Azkenik, aipatu behar dugu familia ugariak babesteari buruzko legeria egon badagoela, estatuan ere bai. Zenbaitetan erreformatu egin da familia ugariaren kontzeptua garatu eta zabaltzeko (abenduaren 23ko 21/1986 Legetik, abenduaren 30eko 42/1994 Legetik eta apirilaren 14ko 8/1998 Legetik gaur egun indarrean dagoen Familia Ugariak Babesteari buruzko azaroaren 18ko 40/2003 Legera arte). Erreforma horiek familia ugariaren kontzeptua birfomulatzea ekarri dute; horrek seme-alaben kopuruaren betekizunean izan du eragina (murriztu egin baita) eta legezko familia-kategoria horretan mendetasun-kasuak sartu ditu. Gaur egun, aipatutako legearen arabera, familia ugaria da hiru seme-alaba edo gehiago dauzkana, edo bi seme-alaba dauzkana horietako batek mendetasunen bat badu. Seme edo alaba nagusia adin-mugara heltzen denean, familiak familia ugariko titulua edukitzeko eskubidea galtzen du, eta, horren ondorioz, eratorritako abantailak ere bai. Hala ere, txosten hau idazteko unean, Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioa hori zabaltzea aztertzen ari da1.
Araudi hori bat dator familiaren eginkizunen onarpenarekin –aurreko kapituluetan adierazi den bezala– eta, beraz, familiek beraien eginkizunak gauzatzeko laguntza publikoa behar dutela onartzearekin ere bai, bereziki tamaina handiagoa daukaten eta ekonomiari eta denboraren antolaketari lotutako zailtasunak dituzten familien kasuetan.
Dena den, eta txostenean ikusiko den moduan familientzako baliabide publikoak eskuarki oso urriak diren arren, nabarmendu daiteke familia ugariek babes berezia eskaintzen dien berariazko legezko onarpen bat daukaten familia-tipologietako bat direla. Babes hori hainbat eremutarako prestazio eta laguntza espezifikoen bidez egikaritzen da (tasa akademikoak, garraiorako bekak, zerga-onurak, etab.).
1 Proposamen hori Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun ministroak, Ana Matok, iragarri zuen 2013ko uztailaren 17an. Gaur egungo araudiaren aldaketa eskatuko du eta hurrengo Familia Planaren zati bat izango da (aurreikuspenei jarraiki, plana 2014ko lehen seihilekoan onartuko da). Espainiako Gobernua (2013).